Sarrera
Mendeko pertsonatzat, adinetik, gaizotasunetik edo ezgaitasunetik datozen arrazoiengatik, gorputz, adimen edo zentzumen autonomiaren gabezia edo galerari lotuta, beste pertsona baten edo batzuen arreta edo eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza handiak edo, adimen ezgaitasuna edo gaitz mentala duten pertsonei dagokienez, norberaren autonomiarako bestelako laguntzak behar dituena jotzen dugu.
Mendetasunak, pixkanaka, babestu beharreko gizarte arriskutzat jo da azken hamarkadotan[1]. Mendekotasuneko egoeran dagoen biztanleria hazten joan da eta horren zioa hamarkada horietan gertatutako zenbait demografia eta gizarte aldaketa izan da:
– Hilkortasunaren murrizketa, bizi itxaropen indizeen hazkundea eta gaitz kroniko eta sortzetiko asaldura batzuen biziraupen tasa handiagoak.
– Jaiotza-tasaren murrizketa.
– Ondorioz, pertsona nagusiek biztanlerian duten proportzioaren hazkundea (biztanleriaren zahartzea).
– Zahartzearen zahartzea (pertsona nagusi guztien artean, 80 urtetik gorakoen azpitaldea gehiago hazi da).
– Lan eta errepide istripu indizeen hazkundea.
Mendetasuna hainbeste igotzeak, emakumea lan merkatuan sartzeak, gizonezko askok zaintza informaleko eginkizunak ez hartzeak eta familia egiturak aldatzeak (guraso bakarreko familiak ugaltzea, familia guneak eta etxebizitzak zatitzea eta murriztea[2]), egoera konplexua sortu dut eta bertan "laguntza informala" –mendeko pertsonen zaintzaren euskarri nagusia, batez ere emakumeek euren gain hartua– krisian sartu da[3]; egoera horretan ezinbestekoa gertatzen da autonomia sustatzeko eta mendetasuneko egoerari arreta emateko politika publikoak abiaraztea, Nazio Batuek, Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak[4] gaiari buruz dauzkaten testuekin bat etorriz.
Testuinguru horretan, Norberaren Autonomia Sustatzeko eta Mendetasun egoerako Pertsonei Laguntza Emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak (AMAL), helburu hori herri botereentzat erronka saihestezina dela adierazten du. Legearen xedea, Zioen Azalpenean dioenez, honakoa da: "ahultasun handiko egoeran egoteagatik, eguneroko bizitzako funtsezko jarduerak burutzeko, norberaren autonomia handiagoa lortzeko eta euren herritar eskubideak osorik erabili ahal izateko laguntzak behar dituzten pertsonen premiei erantzutea".
AMALek eskubide subjektibo berria onartzen die mendetasuneko egoeran dauden pertsonei: Legean bertan xedatutako prestazio eta zerbitzuak eskuratzeko eskubidea. Herri administrazioek, beraz, bere egiten dute autonomia sustatzeko eta mendetasuneko egoerari arreta emateko erantzukizuna, zuzeneko eta zeharkako kudeaketaren bidez.
Halaber, Autonomiarako eta Mendetasunarenganako Arretarako Sistema eratzen du, gizarte babes mota berria. Horren bidez, Estatuaren eta Gizarte Segurantzaren sistemaren ekintza babeslea zabaldu eta osatu eta gizarte zerbitzuen egoera hobetu nahi da.
Gizarte eta familia inguruneak mendetasuneko egoeran dagoen pertsonarenganako arretan duten eginkizuna onartzen du, baita gizarte ekintzako hirugarren sektoreko erakundeena ere. Horren ondorioz, laguntza publikoa ematea proposatzen da.
Jarraian, AMAL inspiratu duten printzipioetako batzuk azpimarratuko ditugu:
– unibertsaltasuna mendetasuneko egoeran dauden pertsona guztiek prestazioak eskuratu ahal izateko, benetako berdintasuneko eta bereizkeriarik gabeko baldintzetan.
– administrazioen arteko lankidetza;
– pertsona onuradunek sisteman parte hartzea;
– mendetasunek egoeran dauden pertsonek, posible den heinean, bizi diren ingurunean irautea;
– gizarte eta osasun zerbitzuen lankidetza AMAZen erabiltzaileei zerbitzuak emateko.
Euskal Autonomia Erkidegoan, hiru lurralde historikoetako foru aldundiek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) hartu dute euren gain sistema berria euren lurraldean ezartzeko lana, norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasuneko egoeran dauden pertsonei arreta emateko zerbitzuen eta mendetasuna baloratzeko behar diren baliabide eta zerbitzuen plangintza, antolamendu, koordinazio, zuzentze eta kudeaketaren bidez. Hala ere, EAEren administrazio eraketa berezia eta herri administrazio guztien beharrezko lankidetza eta partaidetza direla-eta, autonomia eta udal administrazioek ere zenbait eginkizun burutu behar dituzte arlo honetan[5].
AMAL ezartzeko lan horrek ahalegin handia eta baliabide asko jartzea eskatu die hiru foru aldundiei eta, orokorrean, egokitzat jo genezake, batez ere Estatuko beste autonomia erkidego batzuetan herri botereen aldetik antzeman diren atzerapenak eta erantzunik ez hartzea kontuan hartzen baditugu; esan dugunez, ezartzeko lan horretan foru aldundi bakoitzak bere bideari jarraitu dio, ez beti bat etorriz, eta horrek batzuetan euskal herritarrek nekez uler ditzaketen ondorioak eragin ditu.
Jakina denez, AMALek jasotzen dituen prestazio gehienak (telelaguntza zerbitzua, etxez etxeko laguntzakoa, eguneko egoitzakoa, egoitza arretako zerbitzuak, eguneroko bizitzan normaltasunez jarduteko beharrezko laguntza teknikoak edo tresnak, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomiko mota bat, etab.) lehendik ere ematen zituzten euskal administrazioek, mendetasunari emandako arreta eta babesa sendotzearen aldeko ahalegin irmoa eginez.
Legeak aurreikusitako beste prestazio batzuk, aldiz, berriak dira –esaterako, familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa, edo laguntza pertsonaleko prestazioa– edo finkatu gabe zeuden, inoiz eskaini baziren ere –gaueko egoitzako zerbitzuak–.
Gainera, EAEn, foru aldundiek eta zenbait udalek erraztu dute familia zaintzaileentzako laguntza zerbitzuak (arnasarako egonaldiak, autolaguntza taldeak, prestakuntza, laguntza psikologikoa, informazioa eta aholkularitza, etab.) finkatzea, erabilgarritasun eta garrantzi ukaezinak izan arren, AMALen berariaz jasota ez badaude ere.
Mendetasuneko egoeran dauden pertsonen alde lan egiten duen elkarte sareak (pertsona nagusiei, ezgaitasuna, gaitz kronikoak, osasun mentaleko arazoak, etab. dituzten pertsonei laguntzeko erakundeak), gure autonomia erkidegoan, eginkizun erabakigarria dauka pertsona horiei emandako arretan eta zerbitzuetan, eta haien bizi kalitatean. Hortik dator erakundeek elkarte horiei emandako laguntzak daukan garrantzia.
Azterlan honetan, besterik gabe, EAEn arestiko paragrafoetan gainetik azaldu dugun araudiak izan dituen aplikazio eta garapenaren nolabaiteko balorazioa egin nahi dugu, sakonak izateko asmorik gabe.
Batez ere AMAL indarrean sartu zenetik erakundeak egindako lanari buruzko memoria da, baita, zailtasunak zailtasun, nahastuta dauden eragileengandik batu ahal izan dugun informazioaren laburpena ere.
Hurbilketa hau abiapuntua izango da sistema berria "abiarazteko" fasea gainditu ondoren egin litekeen geroko azterketa sakonerako.
Azterlan hau egiteak aukera eman digu herritarren eskariak biltzeko, aztertzeko eta, beharrezkoa izan denean, erakunde arduradunei helarazteko. Erakundeek, askotan, begionez hartu dituzte hobetzeko egin ditugun proposamenak.
Txostena bederatzi ataletan dago antolatuta:
– Lehenengo atalean erabilitako lan metodologia azaldu da.
– Bigarren atalean labur heldu diogu mendetasunaren babesaren araubide juridikoari. Estatuko legedia aipatu eta euskal foru aldundiek bultzatutako arauzko garapenaren azterketa egin dugu.
– AMALen aplikazioaren azterketa hirugarren, laugarren eta bosgarren ataletan egin da. Hirugarrenean herri administrazioek emandako datuak sistematizatuta eman ditugu, haiek hobeto ulertu eta interpretatzeko. Dagokien herri administrazioetatik jaso dugun informazio kualitatiboa era sartu dugu.
– Legearen ezarpenak ukitutako taldeek emandako balorazioak laugarren atalean landu dira.
– Bosgarren atalean legea indarrean sartu zenetik erakunde honetan herritarrek aurkeztutako kexen izapidetzeagatik heldutako kontu nagusiak laburbildu ditugu. Eskari horietan izandako gure esku-hartzearen berri ere ematen dugu.
– Seigarren atalak bost bizi-historia jaso ditu. Haien bidez mendeko pertsonen eta haien zaintzaileen bizipenetara, haien bizitzetan herri administrazioek mendetasuna babesteari eta norberaren autonomia sustatzeari buruz hartutako neurriek izan ditzaketen ondorioetara hurbildu ahalko gara.
– Zazpigarren atalean azterlan honen ondorio nagusiak aurkeztu ditugu.
– Erakunde honek emandako gomendioak zortzigarren atalean bildu dira.
– Bederatzigarren atalean kontsultatu den bibliografia nagusia jaso da.
[1] ARRIBA GONZÁLEZ DE DURANA, Ana eta MORENO FUENTES, Francisco Javier. El tratamiento de la dependencia en los regímenes de bienestar europeos contemporáneos, 19. or. Estudios bilduma. Dependencia saila. Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusia.
[2] SEMPERE NAVARRO Antonio V. eta CAVAS MARTÍNEZ, Faustino. 2007. Estudio de la Ley 39/2006, sobre Promoción de la Autonomía Personal y Atención a las personas en situación de dependencia, 22. or. Thomson Aranzadi.
[3] LAN ETA GIZARTE GAIETAKO MINISTERIOA (IMSERSO). Atención a las personas en situación de dependencia en España. Libro Blanco, 18. or.
[4] BAVIERA PUIG, Inmaculada. 2008. La Unión Europea y la dependencia: modelos comparados.
[5] Ikus txosten honetako esparru juridikoari buruzko 2.8. atala.